KIMETZ escribió:BENETAKO GREBA OROKOR BATEN ALDE
Hego Euskal Herria greba orokor berri batera deitua izan da, erreforma dinamiken aurka eta eskubide sozial eta laboralen alde aldarrikatzeko nahian. Datorren greba orokor hau, maiatzaren 30ean izango dena, azken urteetan egin den zazpigarrena izango da eta Euskal Herriak eredu propioa. Eskubide sozial eta laboral duinak leloarekin abiatuko da. Greba orokorraren eskaerak honako hauek izango dira, besteak beste: lege batzuen indargabetzea, murrizketa berrien errefusa, etxe kaleratzeak gelditzea eta eskakizun guztien gainetik; Euskal Herriarentzako eredu propio bat.
Eskaera guzti hauek zentzuzkoak eta behar-beharrezkoak dira Euskal Herriko herri-mailek pairatzen ari diren egoera negargarriari lasaitasun apur bat emateko. Tristea eta nabaria dena, zera da, lehenago egin diren sei greba orokorrek ez dutela inondik inora euskal herri langilearen egoera tamalgarria aldatu; gainera guztiz kontrakoa gertatu da, euskal herri langilearen egoera txarrera jo du, krisi kapitalistaren etengabeko larriagotzea dela eta. Horregatik, atez joka dugun greba orokor honek ez du markatuta dituen helburu bat bera ere lortuko, aurreko greba orokorren akats berberak errepikatzen baititu. Nabaria da greba-estrategia eredu hau ez dela langile klasearen bihotzera heltzen,
gero eta gehiago dira greba faltsu hauetan itxaropena galtzen duten langileak eta guzti honek izugarrizko inpotentzia sortzen du langile klasean. Itxaropena eta erantzunkizuna transmitituz eta jarraitu beharreko bidea markatuz, hau da, borroka iraultzailearen eskola sortuz soilik lortzen da langile klasearen begirunea lortzea.
Behar beharrezkoa da azpimarratzea greba orokor bat ezin dela aurretik programatua egon. Greba baten orokortasunak bertan parte hartzen duten sektore kopuru guztiek ematen dute, euren egoera zehatza kontutan izanda edo era pedagogikoz azaldu beharreko orokortasun bat. Hau da, eskubide sozial eta laboraletaz era abstraktuan hitz egiteak, zertaz ari garen zehaztu gabe, ez du ez hanka ez bururik.
Kimetz erakundetik behin eta berriz azpimarratu dugu prozesu luze batek pixkanaka pixkanaka joan behar duela indarrak metatzen eta borroka indartzen. Bestalde, garrantzitsua da legalitate burgesak protestarako ezartzen dituen limiteei muzin egitea, limite hauek baitira, neurri handi batean langile eta herritarren erantzuna eta borroka goitik behera mugatzen dutenak.
Hau dena kontuan izanda greba egunerako edo egunetarako animoak piztuta eta indarberrituta egotea da helburua. Modu honetan jendearen kontzientzia piztu egingo da, beste borroka luze baten partaide izan eta sentituko baitira. Soilik langileek dituzten baliabide guztiak xahutu ondoren, bultzatu behar da greba orokorra, tresna hau planifikazioz eta inteligentziaz erabili behar baita. Guztiz beharrezkoa da borroka partzial guztiak aldarrikapen ulergarri eta burutzeko gaitasuna duen borroka prozesu baten barruan bateratzea. Sektoreka, eskualdeka eta herrialdeka gelditze partzialak eta mobilizazioak eginez giroa berotu behar da mezu argi bat bidaliz: borroka da bide bakarra.
Gainera, greba honen bitartez iniziatiba legegintza popularra (ILP) bultzatzeko asmoa dago, herritarren eskubide sozialak idazki baten bitartez parlamentuan aurkezteko, alegia. Hauxe bera, M15 mugimenduak egin zuen ordainketa dazioa zela eta; adibide honek erakutsi zuen ILPak alferrik direla eta are gehiago greba orokor baten bitartez bultzatzen saiatzea.
Konponbidea ez dago parlamentu burgesean, ezta sistema kapitalistaren erreforman ere, sistema kapitalista bera baita euskal herri langilearen arazoen sortzailea. Konponbidea iraultzaren bitartez dator, kapitalismoaren suntsiketan alde batetik eta gizarte sozialistaren eraikuntzan bestetik. Gizarte berri honetan langile klasea izango da estauaren, produkzio-baliabideen eta aberastasunaren jabe. Horrela, langile klaseak berak izango du bere beharren eta premien arabera produkzioa planifikatzeko aukera, krisi ekonomikoak betirako saihestuz eta baztertuz. Gainera, kontuan eduki behar da, aldarrikapen erreformista apalenak ere soilik borroka iraultzaile adoretsu baten bitartez lor daitezkeela.
Langile klasearen antolakuntzaren premia behar beharrezkoa da langile mugimendua eta mugimendu popularra borroka jarreretara hurreratzeko. Bere zeregina behar den moduan egiteko, langile klasearen antolakuntza estruktura propioetan eta independienteetan oinarritu behar da.
Antolakuntza, klase-kontzientzia eraiki eta borroka txikiak iraultzara bideratu, hauek dira Euskal Herriak sozialismoa eta independentzia lortzeko eman behar dituen pausoak.
Benetako greba orokor baten alde: borroka eta klase kontzientzia garatu.